XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Josetxok jarraituten eban etxean, baserriko lanean.

Noizbait joaten zan arrantzuan Murguako atxetara; bein lapatan, bestean mosillatan ta urrengoan karramarrotan.

Noizik bein joaten zan itxasora be, Txotxo Tontorren txalupan, egun bat itxasoan igarotearren, ta arazo onetan sarri etxeratuten ebazan, arrain, lapa, karramarro ta beste itxasoko janariak.

Etxeratu zanik illebigarrenean agertu jakan eretia, Bilbon egoan itxasontzi baten, pillotu edo bigarren agintari joateko.

Lau illebete nai ebazan igaro etxean aldi onetan, gero luzarorako alde egingo eban ustean, baiña ikusirik ontzi ta ontziburu oberik etzala agertuko, artu eban joateko burubidea.

Aita-amak naibage andiaz egozan ain arin joialako itxasketara, Jaungoikoak nai eban arte.

Au da beti itxastarraren bizi izatea: noizbait etxean, ekatx, lauso, ontzi ta itxasertzetako atxen bildur baga, ardura barik lo egiten, ta gero itxasketan, txitean-pitean arriskupean, eriotzea begien aurrean dabela.

Josetxo, bere lagun Saturningaz joan zan Gernikara, Eladiri agur egitera; lengoan lez bazkaldu eben Atanasi ta Eladigaz, ta arratsalde erdian agur eginik emakuma biai, artu eben mutillok etxera bidea.

Atanasik bakar-bakarrik ekizan Eladitxok egin ebazan negarrak, Josetxok agur egin eutsanean, ta iñork ez ebazan ikusi Josetxoren negar anpuloak.

Josetxori, joan orduko esan eutsan amak: - Josetxo, Eladigaz ezkontza asmorik badarabilk, aldendu biok burutik.

Eladitxo neskatilla on-ona dok, baiña beragaz ezkonduteko, aita-amen baimena beharko dok, eta ori ez dok iñoiz lortuko.